predikzio (meteorologikoa)

Meteorologian, predikzioa etorkizuneko atmosferaren egoerari buruzko adierazpen zehatza da, leku eta une jakin baterako, portaera atmosferikoa azaltzen duten lege fisikoetan oinarritua. Gaur egun, predikzio meteorologikoak atmosferaren zirkulazio orokorreko modelo numerikoen irteeretan oinarritzen dira. Metodo zientifikoan oinarritutako predikzio meteorologikoa xix. mendearen bigarren erdian sortu zen, eta jauzi kualitatiboa eman zuen xx. mendearen erdialdean, ordenagailuak eta eguraldiaren predikzio numerikoa agertu zirenean. Predikzio-horizontearen eta iragarpena egiteko moduaren arabera, predikzio-mota desberdinen arteko banaketa ezartzen da.