klima tropikala

Eremu tropikalaren ezaugarri den klima mota, urte osoan bero hezea egotea, izotzik ez izatea eta izaera torrentzial nabarmeneko euri-erregimena izatea dira bere nortasun-zeinu nagusiak, euri-sasoi bat eta lehorte-sasoi bat izanik. Köppen-en klima sailkapenean A motari dagokio. Klima hori ematen den lekuetan, urteko hilabete guztietan, salbuespenik gabe, batez besteko tenperatura 20 ºC baino altuagoa da (egile batzuek atalase hori 18 ºC-raino jaisten dute). Aipatutako sailkapenak hurrengo hiru azpimotak ezartzen ditu: klima tropikal hezea edo ekuatoriala (Af), tropikal monsoikoa (Am) eta tropikal lehorra edo sabana motakoa (Aw edo As, negua edo uda lehorra den arabera).