estazio meteorologiko

Behaketa meteorologikoak egiten diren lekua, observatorio izenez ere ezaguna (meteorologikoa dela ulertzen da). Dituen ezaugarrien, dituen tresnen eta bertan egiten diren neurketa moten arabera, izen desberdinak hartzen ditu. Zerbitzu meteorologikoek dituzten osatuenak estazio sinoptiko nagusiak dira, non eguneroko behaketak nazioartean ezarritako ordu-sail batzuetan egiten diren, sareko estazio guztietan neurketen aldiberekotasuna bermatuz, bai eskala nazionalean bai mundu mailan. Neurtzen diren parametroak dira airearen tenperatura eta hezetasun-edukia, presio atmosferikoa, haizea, prezipitazioa, hodei-estaldura, hodei-sabaia eta azken orduko estazioko eguraldia. Informazio hori guztia kodetuta transmititzen da (SYNOP kodea) OMMren Munduko Telekomunikazio Sistemaren bidez. Estazio horietako batzuetan -kopuru txiki batean- behaketa aerologikoak ere egiten dira, horretarako egunean bi aldiz (0 UTC eta 12 UTC orduetan) globo-sonden jaurtiketak eginez, haiekin erradiosoinketak egiten direlarik. Estazio sinoptiko osagarriak ere badaude, non behar zehatz bati erantzuten dioten behaketak egiten diren (nekazaritza, aeronautika, kutsadura...). Estazio sinoptikoen sarea beste batzuekin osatzen da, hala nola estazio pluviometriko eta termopluviometrikoekin (biak laguntzaileek mantenduak) edo estazio automatikoekin (EMA).