ekaitz-urtegia
Hiri bateko estolderia-sarean sartutako lurpeko instalazio handia da, euri-jasa bortitzek -askotan ekaitzei lotuak- sortzen duten ur soberakina biltzeko dena. Aljibe erraldoi batekin aldera dezakegu. Estolderiek ura kolektore handietara eramaten dute, eta horiek ekaitz-urtegiekin lotuta daude. Urtegi horiek lerroan edo paraleloan kokatuta egon daitezke, eta hainbat elementu dituzte. Lehena kamera zentrala da, non prezipitazio-intentsitate handiak eragindako emari-igoera bat-batekoaren lehen urak iristen diren. Behar bezala araztu behar diren hondakin-urak dira. Ondoren, erretentzio-kamera deritzona dago, kamera zentralak jada biltzeko gai ez den ura jasotzen duena. Gero hirugarren kamera bat dator -arintze-kamera-, ura husten doana, eta azkenik kamera lehorra dago, irteerako emaria erregulatzeko erabiltzen dena. Ekaitz-urtegien helburu nagusia hiri bateko uholde-arriskua murriztea da, euri-jasa handi baten edo intentsitate handiko kazkabar-jasa baten ondoriozko ur-metaketagatik. Euri-biltegi izenaz ere ezagutzen da.