muga-geruza planetarioa (MGP)
Lurraren gainazalarekin kontaktuan dagoen aire-geruza, haren eraginpean dagoena eta atmosfera librearen azpitik kokatua. Bere baitako higidurak gainazal horrekiko marruskadurak eragin handia du. Bere lodiera aldakorra da, 500 eta 1000 metro artean, nahiz eta zenbait egilek bere goiko kota 1500 m-ko altitudean kokatzen duten. Bere behe-aldea geruza turbulentua da, eta gainetik Ekman geruza edo marruskadura-geruza kokatzen da, non marruskaduraren eragina azkar murrizten baita altuerarekin. Muga-geruza planetarioak (MGP) izendapen desberdinak jasotzen ditu, hala nola nahasketa-geruza, geruza konbektiboa, geruza mekanikoa edo muga-geruza atmosferikoa. Ohikoa da hari testuan adierazitako akronimoaz, edo ingelesezko baliokideez, erreferentzia egitea (PBL [ Planetary Boundary Layer ], ABL [ Atmospheric Boundary Layer ], CBL [ Convective Boundary Layer ], ML [ Mixed Layer ]...).