ilargi urdina
Anglosaxoiek hilabete berean gertatzen den bigarren ilbetari ematen dioten izena da, batez beste bi urte eta erdiro gertatzen dena. Izendapen hori jasotzen du, halaber, Lurrean sumendi-erupzio handi bat gertatzen denean behatzen den kolore urdinxka edo berdexkako ilargiak. Partikula oso fin kopuru izugarriak goi-atmosferara injektatzeak uhin-luzera handieneko ilargi-argi zatia (gorria, laranja, horia) leuntzen du, eta uhin-luzera txikienekoen koloreak (berdea, urdina, morea) indartu egiten dira. Zigarro baten kean behatzen denaren antzeko fenomeno optikoa da; kearen kolore urdinxka ke hori osatzen duten partikulek islatutako argiaren sakabanaketa selektiboaren ondorioa da.