bise
Ipar-ekialdeko koadranteko (I-IE) haize hotz eta lehorra da, Suitzan jotzen duena, batez ere neguan. Bortizki jotzen du Suitzako goi-lautadan eta Léman lakuan, Genevako hirian eraginez. Sarritan 30-40 km/h-ko haize-boladak lortzen ditu, nahiz eta noizbehinka intentsitate maximoak 100 km/h-tik gertu egon daitezkeen, eta baita balio hori gainditu ere, oso bortizki joz. Batzuetan, bise haizea eguraldi oso txarrarekin agertzen da, zeru hodeitsu, euri eta ekaitzarekin; kasu horretan, bise noir (bise beltza) izena hartzen du.