barometro aneroidea

Presio atmosferikoaren aldaketak neurtzen dituen barometroa da, aldaketa horiek kapsula metalikoaren pareta mehe eta elastikoetan eragiten dituzten deformazioetatik abiatuta; kapsula hermetikoki itxita dago eta barruan erdi-hutsa egina du. Kapsula aneroide izeneko horren kontrakzio edo hedapen txikiek palanka mekaniko bat eragiten dute, eta horrek mugimendu horiek anplifikatu eta orratz bati transmititzen dizkio; orratz horrek adierazten du presioaren balioa zirkulu graduatu baten gainean. Mota honetako barometroek bigarren orratz bat izan ohi dute, eskuz eragiten dena, kokalekutik gertu dagoen behatoki batean erregistratutako presio-balioa markatzeko. Erreferentzia-balio hori orratz mugikorrak markatzen duenarekin alderatuz, edonoiz jakin daiteke presio atmosferikoa igotzen edo jaisten ari den. Barometro hau Lucien Vidie (1805-1866) fisikari frantsesak asmatu zuen, 1844an.