hezetasuna (airekoa)

Airearen ur-lurrun edukia. Atmosfera-hezetasun edo, laburtuta, hezetasun izenaz ere ezagutzen da. Aldagai meteorologiko nagusietako bat da eta modu absolutuan, espezifikoan edo erlatiboan adieraz daiteke. Testuinguru meteorologikotik kanpo, hezetasunaren kontzeptua ez da beti behar bezala aplikatzen; ohikoa da hezea bustia bezalakotzat hartzea. Sarritan sabaien edo hormen hezetasunez hitz egiten dugu, baina, egiaz, gainazal horiek bustita daude. Airearen hezetasuna neurtzeko higrometroak, higrografoak, termohigrografoak eta psikrometroak erabiltzen dira. Aireak eduki dezakeen ur-lurrun kantitatea tenperaturaren araberakoa da, aire beroan aire hotzean baino askoz handiagoa izanik.