adbekzio-laino

Aire-masa bero eta hezea gainazal hotz baten gainetik mugitzean sortzen den lainoa. Adbekzio-lainoak, orokorrean, itsas lainoak izaten dira, tokiko haizeek (brisa-erregimenak) bultzatuta, kostaldeko zerrenda jakin batzuetara zabaltzen direnak, lehorrera barneratuz. Erradiazio-lainoekin alderatuta, adbekzio-lainoak dinamikoak dira (mugitu egiten dira) eta ez dute egun-gau zikloa jarraitzen, hortaz, egun bateko edozein unetan sor daitezke, horretarako baldintza egokiak ematen direnean. Iraupena oso aldakorra da, eta hainbat egunez jarraian iraun dezake. Laino mota hori sortzen duen prozesu fisikoa kondentsazioa da. Hezetasunez kargatutako aireak asetasuna lortzen du azaleko urak hotz dituen itsas eremu batekin kontaktuan jartzean, edo hotza den lur baten gainetik mugitzean. Adbekzio-lainoa zuzenean itsasoaren gainean sor daiteke eta handik lehorrera hedatu, edo lehorrean bakarrik sor daiteke, hasieran ase gabeko aire-masa heze bat lurraren gainetik irristatzean, hoztu ahala asetasuna lortzen duenean, lurrarekin kontaktuan jartzen den heinean. Ur-lurrunaren kondentsazioa aire-masa hotz bat gainazal beroaren gainetik mugitzean ere gerta daiteke, kasu horietan laino adbektiboa eratuz.